Aizkora.
LURRA
Gure amaren etxea defendatzeko deialdia.


Lehiakortasun eta modernotasunaren izenean, milaka urte dituen Euskal Herria, Euskal Hirian bihurtzen ari dira: gure nortasuna, gure herri izaera kapital espekulatiboaren irabazien eta lukurreroen menpe jarriko duen nortasunik gabeko megapolis neoliberal handi bat.

Azpiegituren jarraipen zentzugabearen ondorioz ematen ari den paisaiaren aldaketaren atzean, aldaketa sakonago bat bilatzen ari da, gure ohituren, gure kulturaren, kontsumo eta elikadura eraren, gizarte ereduaren aldaketa. Ondoko urteetarako programatutako proiketuen eragin handia ikusita, erabaki demokratikoa soil-soilik har daiteke aldez aurretik herritar guztiei informazioa helaraziz eta eztabaidan parte hartzeko aukera emanez. Gure ustez, ezartzen ari zaigun lurralde ereduarekin ezin da oinarri sozialeko nazio proiekturik eraiki.

Erronka honi aurre egiteko, lurraren defentsan ariko den mugimendu zabal, fresku, asmo suspertzailea, premiazko erantzun masibo eta giza ikuspegitik tinkoa emateko gai izango dena bultzatzea beharrezkoa ikusten dugu. Egitasmo ireki bat izatea nahi dugu, bertan bere harana nola suntsitzen duten ikusteaz nazkatuta dauden gazteen, bere seme-alabentzat sustrairik gabeko herri bat nahi ez duten gurasoen, lurra kentzen dietela ikusteaz nazkatuta dauden nekazarien, merkatalgune handiak eta zabor janaria baztertzen dituzten kontsumitzaile taldeetakoen... beraien indarra eta nahia konpromezu amankomunean, lurraren aldeko konpromezu batean biltzeko gai izango dena eta eztabaida guneak nahiz elkarguneak sortuko dituerna.

Helburu honekin, behean sinatzen dugun 100 herritarrok, lurralde eta giza alor ezberdinetatik gatozenak, gure proposamena gizarteratzeko gune bat bultzatzeko asmoz, Euskal Herriaren etorkizunerako lurralde ereduaren inguruan, giza eztabaidaren ondorioz lortutako onarpen zabal batera iristen ez den bitartean, erakunde orori hainbat egitasmoren moratoria edo luzapena eskatzeko sinadura bilketa bat ekingo diogu, egitasmoak hauek izanik: energia zein garraio azpiegitura handiak, nekazal ingurunearen okupazio egitasmoak eta merkatal azalera handien egitasmoak. Hauek gure lurra, kultura, gizarte eredu eta egitura ekonomikoan itzuliezinezko ondorioak sortzen dituzte eta.

Ekimen herritar honetatik, proiektu ireki batean parte hartzeko deia zabaltzen diegu pertsona eta taldeei, proposatzen diguten bizitza zuzendu honen aurrean askatasun kolektiboko egitasmo bat bultzatzeko, erabatekotasun kulturalaren aurrean ezberdintasunaren bioaniztasun aberatsa, zenbat eta gehiago orduan eta hobe dioen zibilizazioaren aurrean txikitasunaren potentzialitatea, egitasmo baztertzaile baten aurrean elkartasunaren balioa, egungo hazkunde ereduaren aurrean garapen demokratikoa, indibidualismo kontsumistaren aurrean beharrezkoarekin bizitzaren gozamena bultzatzeko.

Ilusio faltak eta etsipenak kateaturiko sormenezko indarrak askatu behar dira, edukitzeko ez baino izateko aukera emango digun errealitate ezberdin bat eskuz esku eraikitzerik izan dezagun, zeren izaterik badugu, egitasmo neoliberalaren alternatiba, anabasa ez baizik ispiluaren beste aldea bizitza hobeago bat dela erakutsiko dugu.

Gure amaren etxeak zutik iraun dezan lurra defenda dezagun.

Euskal Herrian, 2000ko Apirilaren 15ean.




lurra
deialdiaren 100 sinatzaileak
manifestua sinatu